XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horra esplikatuta beste kontzeptu ikaragarri bat, herriaren jeinuarena!

Horixe da dena: bizitza arte bezala kontsideratuta, herria (bere bizieraren) artista bezala.

Artea da bizitzen jakitea, h.d., bizitzari, ideia baten arabera (ez adiera soil moralean), forma armonikoa materiarekin ematea.

Bizi den edozein herriren bizitza horixe da.

BANAKOA OLDAR GISA

Oldar-ez Trieb itzultzen dut.

Zerbait egiteko gogoa edo uzia ere itz zitekeen apika: edo, gutxiago izpiritualki, grina, lera, instinto edo joera naturala, etab., zerbaitekiko su hori barruan.

Baina Trieb zuhaitzen udaberriko kimua eta ernamuina ere bada;

handik hala gizadia zuhaitz zabal baten maneran irudika genezake, adarrak herri-nazioak, gizabanako bakoitza adaska bat, udaberrian sortzen dena eta bere ostoak berdetuko dituena bizialdi efimero batean.

Aurrerantzean oldarra esango dut guzti horrentzat.

Indibidualitate bat subjektu bat da, bera zerbait espezifiko izateko gogo, grina, ernamuin bezala diferentziatua (derrigor kontzientzia hori eduki beharrik ez daukana erreala izateko: udaberriko muskilaren kasua), zerbait propio izateko eta egiteko oldar bat.

Indibiduo/ideia agerian agertu oldar bezala agertzen da (oldarra bera, bere manifestazioetan noski).

H.d., izaki biziduna, izateko formagatik baino gehiago errepresentatzen duen oldarragatik eta ihardueragatik berezten da, haren iraganeko, oraingo eta baita geroko uneak ere hor laburbiltzen dira-eta.

Bizitza ezin pentsatuzkoa da geldiegonean, ezeginean, eta ezta lekoreko kausek bakarrik eragin-arian ere.

Unibertso osoa bere-bere oldar batek ibilarazita dabil, eta oldar hori da banako bakoitzean gorputz hartzen duena.

Ez dago gizakiaren esku oldar horren nagusitasuna (bere naturarena).

Hori da bera.

Oldarra naturalki autodetermirnatua da eta bizitzaren forma ere berak determinatzen du.

Bizidunen arteko diferentziak oro landare eta animalien eta azkenotako berein generoren artekoak, eta gizakien baitan nazioen eta gizabanakoen artekoak, bizi-oldarren eta zailtasunetan zehar bidea urratzeko haren ahalmenen diferentzian soil-soil etzaten dira. 41

Gizakien eta herrien kasuan oldar hori ez da nahastu behar halabehar natural instintiboaz edo grina kontrolaezinez.

Gizakia zeru eta lurrezko konposatua da.

Eta alde batetik natura baldin bada, bestetik ezer gizakiaren duinik ez dago askatasunik gabe, eta haren nortasun guztia hantxe datzan hura gutxien-gutxiena:

oldar horretan, hortara, askatasuna eta halabeharra, izpiritua eta natura batean batzen dira, eta bata bestea zermugatuz eta sustatuz doaz, horregatixe agerpen enpirikoarena ezin izan daitekeen espazio batean 42 .

Oldarra bera den bezanbatean, mugagabea da hori, ezin da beraz esperientziaren eremuan bera den bezanbatekoa ageriratu, bere hustasun eta osotasunean.